Iruñean 800 lagunendako tokia egonen da haurrendako eta nerabeendako hiri-kanpaldietan

Iruñean 800 lagunendako tokia egonen da haurrendako eta nerabeendako hiri-kanpaldietan
Astelehenean zabalduko dute izena emateko epea: interesa dutenek 010ra deitu beharko dute, eta deien hurrenkeraren arabera emanen dituzte tokiak



Iruñeko Udalak 800 lagunendako tokia eskainiko du orotara haur eta nerabeendako udako kanpaldi eta jardueretarako, Haur, Nerabe eta Familiendako Prebentzio Programaren barruan. Jarduerak Iruñean erroldatutako 3 eta 17 urte bitarteko adingabeei zuzenduak dira, jardueraren arabera. Maiatzaren 26tik (astelehena) 30era (ostirala) bitarte ematen ahalko da izena, 010 (948420100) herritarren arretarako telefonora deituta. Lekuak deien hurrenkerarekin bat esleituko dira.

Hainbat adinetarako jarduerak antolatu dituzte. Leku gehienak hiri-kanpaldietarako dira: Azpilagaña eta Cardenal Ilundain HLHIPetan eginen dituzte. Astean 120 leku eskainiko dizkiete 3 eta 12 urte bitarteko haurrei, uztailaren 15etik abuztuaren 14ra bitarte. Orotara 600 lagunendako tokia egonen da. Kanpaldia goizez izanen da, eta hainbat jarduera eginen dituzte: kirola, eskulanak, jolasak eta sormen-lantegiak, besteak beste. Gainera, aukera dago jantoki-zerbitzua kontratatzeko, baina ez da derrigorra. Eskariaren arabera, euskarazko eta gaztelaniazko taldeak osatuko dituzte, eta haurrek aukera izanen dute astebeterako bakarrik edo aste baterako baino gehiagorako izena emateko. Astean 60-90 euro balio du kanpaldiak, jantoki-zerbitzua eskatu den edo ez, horren arabera.

Hiri-kanpaldiak ez ezik, egunpasak ere antolatu dituzte: paisaia naturalak ikustera, hondartzara, mendira eta Iruña inguruko etxaldeetara joanen dira. Egunpasa horiek 9 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta daude batetik, eta 13 eta 17 urte bitartekoei bestetik. Adin-tartea edozein izanda ere, jarduera hiru egunez segidan eginen dute, goizez (08:00etatik 15:00etara), eta parte-hartzaileek 10 euro ordaindu beharko dute. Udalak 40 lagunendako tokia eskainiko du egunpasak egiteko (20 leku adin-tarte bakoitzeko). 9 eta 12 urte bitarteko haurrak uztailaren 15etik 17ra bitarte joanen dira egunpasak egitera; 13 eta 17 urte bitartekoak, berriz, uztailaren 21etik 23ra. Prezioaren barruan sartzen dira garraioa eta hamaiketakoa. Ezin izanen da egunpasa bakarrerako eman izena.

Uretako jarduerak
Udan ezin haurrak igerilekuetako eta uretako jarduerarik gabe utzi. Horregatik, Udalak hainbat jarduera eskainiko ditu Arantzadiko eta Sanduzelaiko udal-igerilekuetan: 120 lagunendako tokia egonen da orotara, astean 20 lagunendako tokia igerileku bakoitzean.

Arantzadiko kirolgunean 8 eta 12 urte bitarteko haurrendako udako jarduerak antolatu dituzte. Astero izanen dira, goizez, 11:30etik 14:30era. Hainbat jolas eta jarduera entretenigarri eginen dituzte. Egun hauetan eginen dute hori: uztailaren 21etik 24ra, uztailaren 28tik abuztuaren 1era eta abuztuaren 4tik 8ra. Aste baterako edo gehiagotarako ematen ahalko da izena. Jarduera doan da gainera.
Sanduzelaiko Aquavoxeko proposamena ere doakoa da, eta 13 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendua. Goizez izanen dira jarduerak hor ere, 11:30etik 14:30era, eta aste hauetan hartzen ahalko da parte: uztailaren 15etik 18ra, uztailaren 28tik abuztuaren 1era eta abuztuaren 4tik 8ra.

Igerilekuan ez ezik, Arga ibaian ere eginen dute jarduera bat. Ibaia aztertu, desafioak egin eta ingurumena zaintzen ikastea da helburua, eta txangoen, ibilaldien, jolas kolaboratiboen eta ginkanen bidez eginen dute hori. Abuztuaren 11tik 14ra eginen dute jarduera hori, 11:30etik 14:30era. Gehienez ere 40 lagunendako tokia egonen da, eta talde txikitan eginen dituzte jarduerak. 10 euro ordaindu beharko da lau egun horietarako.
 

HIRI-KANPALDIEN ETA UDAKO JARDUEREN ESKAINTZA
•    Izen-emateak: Deien hurrenkeraren arabera. Maiatzaren 26tik 30era, 010 (948420100) telefonora deituta.
•    Adin-tarteak: 3-12 urte eta 13-17 urte.
•    Baldintza: Iruñean erroldatuta egotea.
•    Prezioak: 10-90 euro, jardueraren arabera. Batzuk doan dira.
•    Argibide gehiago: [email protected] helbide elektronikoan eta 948 420 584 telefonoan.

Hiri-kanpaldiak
o    Adina: 3-12 urte
o    Tokia: Azpilagaña HLHIP eta Cardenal Ilundain HLHIP
o    Datak: uztailak 15 – abuztuak 14. Asteka. Astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:30era.
o    Lekuak: 600 (astean 120)
o    Prezioak: 60 euro (jantoki-zerbitzurik gabe) eta 90 euro (jantoki-zerbitzua barne).

Egunpasak I. Udaleku ibiltariak
o    Adina: 9-12 urte
o    Tokia: autobus-geltokitik abiatuko dira hondartzara eta paisaia naturaletara joateko.
o    Datak: Uztailaren 15etik 17ra, 08:00etatik 15:00etara.
o    Lekuak: 20
o    Prezioa: 10 euro

Egunpasak II. Udaleku ibiltariak
o    Adina: 13-17 urte
o    Tokia: autobus-geltokitik abiatuko dira hondartzara eta paisaia naturaletara joateko.
o    Datak: uztailaren 21etik 23ra, 08:00etatik 15:00etara.
o    Lekuak: 20
o    Prezioa: 10 euro

Txikiok, uretara! 
o    Adina: 8-12 urte
o    Tokia: Arantzadiko igerilekuak
o    Datak: uztailaren 21etik 24ra; uztailaren 28tik abuztuaren 1era eta abuztuaren 4tik 8ra, 11:30etik 14:30era.
o    Lekuak: 20 leku aste bakoitzean
o    Prezioa: doan

Uretan beratzen!
o    Adina: 13-17 urte
o    Tokia: Sanduzelaiko igerilekuak
o    Datak: uztailaren 15etik 18ra, uztailaren 28tik abuztuaren 1era eta abuztuaren 4tik 8ra, 11:30etik 14:30era.
o    Lekuak: 20 leku aste bakoitzean
o    Prezioa: doan

Arga konexioa: Nerabeak
o    Adina: 13-17 urte
o    Tokia: San Bartolome gotorlekua
o    Datak: abuztuaren 11tik 14ra, 11:30etik 14:30era.
o    Lekuak: 40 
o    Prezioa: 10 euro

 

 

¿Te ha sido útil esta página?