Iruñeko Udala Emisio Gutxiko Eremuaren proiektua bukatzen ari da: proiektuaren lehen fasea Alde Zaharrean jarriko dute martxan, eta 2026ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean. Hiriko beste gune batzuetan pixkanaka-pixkanaka ezarriko dituzte neurriak, eta azken helburua 2030ean Segurtasuneko Bulego Nazionalak (ONS) ezarritako isuri-adierazleak betetzea izanen da. Neurri horien bidez mugikortasun-proiektuak jarriko dira martxan, eta hala, joan-etorri jasangarriagoak sustatuko dira, ibilgailuen ingurumen-sailkapenaren arabera zirkulazioa mugatuta.
Neurriak abian jartzeko lehen fasearen barruan, Alde Zaharreko Sarbide Kontrolatuko Eremura sartzea debekatuko zaie ingurumen-bereizgarririk gabeko ibilgailuei, hauei izan ezik: bizilagunei, mugikortasun urriko pertsonei, salgaiak banatzen dituzten ibilgailuei, larrialdietakoei eta baimendutakoei. Alde Zaharrera sartzen ahalko dira B, C, Eko eta O ingurumen-bereizgarria duten ibilgailuak eta DGTk historikotzat jotzen dituen ibilgailu motordunak. Bereizgarri horiek gabe, ezin izanen dira Alde Zaharrera sartu. Babestutako eremuko bizilagunak, merkatariak eta aparkaleku-plazen jabeak orain arte bezala sartzen ahalko dira. Borja Izaguirre Larrañaga Hiri Bizigarri eta Jasangarriko zinegotzi ordezkariak gaur goizeko prentsaurrekoan aurkeztu du araudia.
Udalaren aurreikuspenen eta Emisio Gutxiko Eremurako sarbideak kontrolatzeko sistemaren arabera, egunero 650 ibilgailu gutxiagok zirkulatuko dute Alde Zaharreko kaleetan barna. Hala, egun zirkulatzen duten ibilgailuak murriztuko dira, ia % 20 (% 19,7) ibilgailu gutxiago ibiliko baitira Alde Zaharrean barna. Iruñeko Udaleko Hiri Ekologiako Alorraren estandarren arabera, CO2 isuriak murriztuko dira, guztira 2.994 tona gutxiago isuriko baitira urtean.
Izagirrek azaldu duenez, sarbideak mugatu eta CO2 isuriak murrizteaz gain, mugikortasun-eredu jasangarriagoa sustatu nahi dute Emisio Gabeko Eremuari esker. Helburua da hiri-eredu jasangarri eta osasungarriagoa izateko bidean aurrera egitea, joan-etorri aktiboak sustatzeko eta espazio publikoa bizikidetzarako eremu osasungarri, seguru eta inklusiboa izan dadin.
Neurrien eraginaren monitarizazioa
Neurriak indarrean sartu eta gero, araudiaren eragina monitorizatuko dute, airearen kalitatearekin, klima-aldaketarekin, mugikortasun jasangarriarekin, zaratarekin eta energia-efizientziarekin lotutako adierazleak aintzat hartuta. Helburuak dira berotegi-efektuko gasen isuriak murriztea, energia-efizientzia hobetzea, energia berriztagarria sortzea eta tenperaturen igoerak pertsonen osasunean duen eragina murriztea.
Ibilgailu motordunen sarbideak monitorizatzeko, kontrol-mekanismoak baliatuko dituzte, hala nola matrikulak irakurtzeko kamerak eta udal-emakidako aparkalekuak. Emisio Gutxiko Eremuko sarbideak, zirkulazioa eta aparkalekuak kamera-sistema baten bidez kontrolatzen dira, eremura sartu eta bertatik ateratzen diren ibilgailuak identifikatuta. Alde Zaharreko Sarbide Kontrolatuko Eremurako 13 sarbide daude: guztiak seinaleztatuta daude, eta Emisio Gutxiko Eremurako erabiltzen ahalko dira; gainera, matrikulak identifikatzeko 50 gune jarri dituzte, gehienak Nafarroa Behereko etorbidean.
Hiriko erdigunean dago etorbidea, eta ondorioz, oinezkoen zirkulazio handia izaten du, eta saltoki eta zerbitzu ugari daude bertan; izan ere, hirian barna egiten diren bidaien ia % 20 Nafarroa Behereko etorbidean barna egiten dira, 262 bidaia hektarea bakoitzeko. Dena den, EGEan barna zirkulatzeko garraio publiko ugari du Iruñeak, eta gainera, autobus-geltokia dago bertan: autobusen eta trenbideen sarea erabiltzeko aukera eskaintzen du. Halaber, ibilgailu pribatuendako aparkaleku publikoak daude eremuaren ingurumarietan.
Mugikortasun jasangarriko neurriak
Emisio Gutxiko Eremua martxan jartzeko lehen fasearen barruan beste bi proiektu hauek garatu dira: Alde Zaharra arian-arian eta I. Zabalgunea Atsegin egiteko Plana. Lehen fasea martxan jartzen denean aurreikusten da txirrindularien joan-etorriak azpiegitura eta zerbitzu berriei esker hobetzea, baita Iruñerriko hiri-garraioetan eta disuasio-aparkalekuen sarean hobekuntzak egitea ere; izan ere, 2.730 aparkaleku-plaza eskaintzen ditu sare horrek. Halaber, ezinbestekoa izanen da salgaiak modu ordenatuan eta efizientean banatzea ingurumen-efektu kaltegarriak murrizteko xedez. Horren harira, Udalak salgaiak banatzen dituzten enpresek (ANET eta TRADISNA) eta hainbat udal-alorrek osatutako lantalde bat jarri du abian, salgaien banaketa jasangarriagoa bultzatzeko.
Onetsitako proiektuaren arabera, Alde Zaharrean eta Zabalguneetan jarriko dute martxan Emisio Gutxiko Eremua. Eremuaren mugak ezartzeko orduan irizpide teknikoak hartu dituzte oinarri: zentraltasuna, oinezkoen zirkulazio handia, saltokien eta zerbitzuen ugaritasuna, baita garraiobide alternatibo asko erabiltzeko aukera izatea ere (oinez, txirrindulaz eta garraio publikoa erabiliz). Emisio Gutxiko Eremua abian jartzeak hiriko erdigunean izanen du eragina, kutsaduraren ondorioak erdigunean pairatzen baitituzte gehien herritarrek; izan ere, egunero 130.000 joan-etorri egiten dira eremu txiki batean, eta, beraz, isuri-kantitatea handiagoa da.
PROZESUA. EMISIO GUTXIKO EREMUA
I. fasea: EGE proiektua
• JOB onespena: 2025/06/09
• Proiektua herritarren eskura dago decide.pamplona webgunean eta udal-webgunean: 30 egun baliodun.
II. fasea. EGEaren Ordenantzaren onespena
• Aldez aurretik jarriko dute herritarren eskura decide.pamplona webgunean eta udal-webgunean: 10 egun baliodun.
• Emisio Gutxiko Eremuaren Ordenantzaren zirriborroaren JOB onespena.
• Webgunean argitaratzea eta Ordenantzaren zirriborroa herritarren eskura jartzea decide.pamplona webgunean eta udal-webgunean: 10 egun baliodun.
• Iraileko Osoko Bilkura: Ordenantzaren hasierako onespena.
• NAOn argitaratzea eta jendaurreko epea: 30 egun baliodun.
• Jendaurreko epean alegaziorik baldin badago, abenduko Osoko Bilkuran behin-betiko onetsiko da Ordenantza.
• Indarrean sartuko da: 2026ko urtarrilaren 1ean