Leire Errandonea Garcia-Larratxek irabazi du II. Minaberri itzulpen-beka, eta Marie-Aude Murail idazle frantsesaren ‘Sauveur et fils’ liburua euskaratuko du

Leire Errandonea Garcia-Larratxek irabazi du II. Minaberri itzulpen-beka, eta Marie-Aude Murail idazle frantsesaren ‘Sauveur et fils’ liburua euskaratuko du
Hamar gazteren artean aukeratu dute itzultzailea, eta Xabier Olarra Lizaso itzultzaile eta editorea ariko da mentore-lanetan



Minaberri bekaren helburua da mentoretza baten bitartez nazioarteko gazte-literaturako lan esanguratsu bat euskaratzea, eta jakin berri da nork irabazi duen bigarren edizioa: Leire-Errandonea Garcia-Larratxek (Bera, 1997). Hamar gazte aurkeztu dira deialdira, eta epaimahaiak erabaki du Leire Errandonea Garcia-Larretxeri esleitzea beka, Marie-Aude Murail idazle frantsesaren Sauveur et fils liburua osorik itzultzeko. Xabier Olarra itzultzaile eta editorea izanen du mentore, itzulpen-prozesuan laguntzeko.

EIZIEk antolatzen du beka-deialdia, Iruñeko Udalarekin, CEDROrekin eta Txalaparta argitaletxearekin lankidetzan, eta 30 urtetik beherako itzultzaile hasiberriei zuzendua da. Epaimahaiaren iritziz, frantsesezko testuak zituen koskak egoki gainditu ditu itzultzaileak, ordain egokiak emanez euskaraz, eta behar adinako fideltasunez. Fernando Rey Escalerak, Amaia Orbe Barriok eta Xabier Olarra Lizasok osatu dute epaimahaia, eta adierazi dute itzultzaile nafarrak testu ulergarria eta sinesgarria sortu duela gurasoen eta seme-alaben arteko ika-mikak islatzean. Diotenez, testuak oso ongi funtzionatzen du euskaraz, lexiko eta sintaxi zuzen bezain bizia baitu.

Leire Errandoneak Euskal Ikasketetako Lizentzia eskuratu zuen Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatean, eta UEUko Itzulpengintza eta Teknologia graduondokoa egin ostean, Itzulpengintza Masterra egin zuen Granadako unibertsitatean. Han egin zituen itzulpen-praktikak ere. 2021etik, zuzentzaile eta itzultzaile ari da Berria egunkarian. 

Itzuliko duen liburua, Sauveur et fils, Sauveur Saint-Yves haur-psikologoaren inguruko liburu-saileko lehen emanaldia da. Umore handiz kontatuta, Sauveurren kontsultatik igarotzen diren era guztietako arazoak aletzen dira sailean. Marie-Aude Murail (Le Havre, 1954) haur- eta gazte-literaturako sona handiko frantses idazlea da. XX. mendeko azken herenean Europan arrakasta handiz sortutako errealismo kritikoaren lorratzean kokatzen ditu bere lanak.

Minaberri bekaren barruan, itzultzaileak eta mentoreak zazpi lan-saio eginen dituzte, bina ordukoak, eta Txalaparta argitaletxeak kaleratuko du itzulpena, aurrez dagozkion eskubideak eskuratu ondoren. Beranduenez ere 2026ko abenduan argitaratu beharko dute. Bestalde, Txalapartak udazkenean argitaratuko du Laurie-Halse Anderson idazlearen Speak, Ainhoa Mendiluzek euskarara ekarria Aiora Jaka mentorearen laguntzaz. Gainera, bekaren irabazleak 3.000 euro gordin eskuratuko ditu.

¿Te ha sido útil esta página?