Udalaren garajeetan mendearen hasierako altxor gurpildunak daude gordeta; gaur egun ez daude erabilgarri, baina balio historiko handia dute. Iruñeko Udalak zaharberritu egin nahi ditu ibilgailu horiek, indar hori berreskuratu eta herritarrek ikus dezaten zerbitzuetarako ibilgailuek zer bilakaera izan duten azken hamarkadetan eta azken mendean.
Hala, Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak lankidetzarako hitzarmen bat sinatu du San Fermin Ibilgailu Klasikoen Elkartearekin, eta horren bidez, bi erakundeak elkarlanean arituko dira balio historikoa ematen dieten ezaugarriak eta antzinatasun jakin bat duten ibilgailuak zaharberritzeko. Hasteko, Udalak elkartearen esku utziko ditu klasikotzat hartzen ahal diren ibilgailuak. Elkarteko kideak arduratuko dira ibilgailuak zaharberritu eta kontserbatzeaz, haien lana eta denbora eskainiko dute. Udalak baimena emanen die lan horiek udalaren lokaletan egiteko, eta behar den materiala eta hornidura ordaintzeaz arduratuko da.
Litekeena da 1927ko suhiltzaileen auto bat izatea hitzarmenaren bidez zaharberrituko duten lehena. Ford T ibilgailu bat da, NA-11133 matrikuladuna, eta Historia del automóvil de Navarra (Automobilaren historia Nafarroan) liburuaren arabera, “Foru Komunitatean dagoen suhiltzaileen autorik zaharrena da”. Iruñeko Suteen Mutuaren izenean matrikulatuta zegoen ibilgailua, eta udal-suhiltzaileek erabiltzen zuten. Ia mende bat pasatu den arren, ibilgailua nahiko ongi mantendu da gaur egun arte, baina hala ere berritu beharra dago, urteak baitaramatza geldirik.
Udalaren arabera, ibilgailu hori berritzea aukera ona izanen da autoa babesteko, balio historiko eta kultural handia baitu, eta gainera, garraioak eta Udalaren zerbitzu publikoek izan duten bilakaeraren lekuko zuzena da. Zaharberritu ondoren, museorako erabiliko dute agian, herritarrek ikusteko aukera izan dezaten.
Oinarrizko akordioa
Orain sinatu duten akordioa oinarrizkoa da, eta adierazten du bi aldeek borondatea dutela arlo horretan lankidetzan aritzeko. Udalaren Ibilgailu Parkeko ibilgailu bat zaharberritu behar den bakoitzean, ebazpen berezi bat egin beharko da, eta hor zehaztuko dute zer lan eginen dituzten zehazki, zenbat balio duten piezek eta zer epe izanen duten lan horiek egiteko.
San Fermin Ibilgailu Klasikoen Elkartea irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, eta antzinako ibilgailuen zaleek osatzen dute. Ondarea mantentzen laguntzea da elkartearen eginkizun nagusia, azkenaldiko historiaren parte diren ibilgailuak galdu ez daitezen. Gainera, herritar gazteek ibilgailu horien inguruan duten ezagutza sustatu eta horiez gozatu dezaten lortu nahi dute, ez baitituzte martxan ikusi.
Udalaren Ibilgailu Parkeko ibilgailuak berritzen ez ezik, ibilgailu horien erakustaldiak antolatzen eta horien inguruko historia zabaltzen ere arituko dira elkarlanean bi erakundeak. Hala, ibilgailuak mantentzeko eta herritarrek horien inguruan duten ezagutza sustatzeko proiektuak eginen dituzte, ikerketa-programak bultzatuko dituzte, eta aisialdiko jarduerak, jolaserako jarduerak eta kirolarekin loturikoak ere antolatuko dituzte, ibilgailu klasikoak ikusarazteko. Oraingoz, Udalak leku bat utziko dio elkarteari urtero egiten duen festa ospatzeko.