Catalina de Oscáriz Arte eta Lanbideetako Udal Eskolan 240 toki eskainiko dituzte 2025/2026ko ikasturteko ikastaro monografikoetarako, eta hiru hileko eta urte osoko lantegietarako

Catalina de Oscáriz Arte eta Lanbideetako Udal Eskolan 240 toki eskainiko dituzte 2025/2026ko ikasturteko ikastaro monografikoetarako, eta hiru hileko eta urte osoko lantegietarako
Interesa dutenek maiatzaren 22tik (osteguna) aurrera ematen ahal dute izena 010 herritarrendako arreta-telefonora deituta
Catalina de Oscáriz


Gaur zabalduko dute, Catalina de Oscáriz Arte eta Lanbideetako Udal Eskolak 2025/2026ko ikasturterako antolatu dituen ikastaro monografikoetan eta urte osoko eta hiru hileko lantegietan behin-behinean izena emateko epea. Orotara, Iruñeko Udalak 240 leku eskainiko ditu marrazketa eta pintura ikasi eta arlo horietan sakontzeko. Interesa dutenek herritarrendako arretarako telefonora deituta eman behar dute izena behin-behinean: 010 (9484200100 mugikorretik edo Iruñetik kanpoko tokiren batetik deituz gero). Ekainaren 13an amaituko da behin-behinean izena emateko epea, eta eskatzaile gehiago badaude lekuak baino, zozketa eginen dute lekuak esleitzeko.

Lau ikastaro monografiko, urte osoko bi lantegi eta hiru hileko beste bi antolatu dituzte datorren ikasturterako. Denak irailaren 15eko astean hasiko dira, baina denek ez dute prezio bera: hiru hileko lantegiek 49,50 euro balio dute, eta ikastaro monografikoek, 148,60 euro.

Besteak beste, marrazketa artistikoko lehen mailako ikastaro monografiko bat antolatu dute, eta 40 lagunendako tokia egonen da. Ikasle berriek ekainaren 13a baino lehen eman beharko dute izena behin-behinean (egun hori barne), eta, esan bezala, eskatzaileak gehiago badira eskainitako lekuak baino, zozketa bidez esleituko dituzte plazak. Marrazketako ikastaro monografiko horretan parte hartzen dutenek marrazketa artistikoko oinarrizko nozioak ikasiko dituzte, hala nola argi-ilunak, perspektiba eta proportzioa, eta gainera, askotariko paper motak eta formatuak probatuko dituzte. Halaber, hainbat teknika landuko dituzte: grafitoa, arkatza eta barrak, eta ikatz-ziria. Natura hila, erretratuak, gizakiaren irudia eta paisaiak ikasi eta marraztuko dituzte. Marrazketa artistikoko bigarren mailako ikastaro monografiko bat ere eginen dute, eta 40 lagunendako tokia egonen da hor ere: lehen mailako ikastaroan landutako gaitasunak eta beste batzuk landuko dituzte: esaterako, konposizioa, koloreen erabilera eta teknika berriak.

Pinturako bi ikastaro monografiko ere prestatu dituzte (lehen mailakoa bata eta bigarren mailakoa bestea), eta bakoitzean 20 lagunendako tokia eskainiko dute. Kolorearen teoria, armonia, teknika mistoak, material ez-piktorikoen erabilera eta olio-pintura landuko dituzte, besteak beste.

Lau lantegi, iraupen desberdinetakoak
Ikastaro monografikoak ez ezik, urte osoko bi lantegi ere antolatu dituzte datorren ikasturterako, eta bakoitzean 20 leku eskainiko dituzte. Ikastaro horietan parte hartzeko, bakoitzak 73 euro ordaindu behar du. Bi lantegietako bat proiektu pertsonalen ingurukoa izanen da. Bestea hobekuntzarako lantegi bat izanen da, eta aurrez ikastaro monografikoak egin dituztenek hartzen ahalko dute parte. Biak ala biak ostiraletan izanen dira, irailetik ekainera.

Halaber, hiru hileko bi lantegi prestatu dituzte. Bat marrazketakoa da, Estanpaziora hurbiltzen, eta bestea, pinturakoa, Teknika piktorikoak olio-pinturan. Irailetik abendura izanen dira, eta bakoitzak bi ordutegi izanen ditu: 20 leku eskainiko dituzte lantegi eta ordutegi bakoitzean.

Ehun urtetik gorako eskola
Catalina de Oscáriz Arte eta Lanbideetako Udal Eskolak XIX. mendean du jatorria, orduan sortu baitzuten Arte eta Lanbideetako Udal Eskola. Catalina de Oscáriz Pizkundeko margolari iruindarrai zor dio gaur egungo izena. Margolarien familia batean jaio zen, eta familiaren lantegian egin zuen lan: lantegi entzutetsua izan zen XVI. mendean.

Gaur egun, eskolaren helburua da artearen mundua Nafarroako herritarren eskura jartzea. Horretarako, marrazketako eta pinturako prestakuntza eskaintzen du Iruñeko Tajonar kalean, 14. zenbakian, duen egoitzan.

¿Te ha sido útil esta página?