Iruñeko Udala villavesen Cuatrovientoseko bidegurutzeko geralekua moldatzen ari da, Sanduzelaiko etorbidera biratu aurretik dagoena

Iruñeko Udala villavesen Cuatrovientoseko bidegurutzeko geralekua moldatzen ari da, Sanduzelaiko etorbidera biratu aurretik dagoena
Geralekua aurreratu egin dute, Sanduzelaiko etorbidera sartzeko erreia estutu dute, eta ispilu bat jarriko dute istripuak izateko arriskurik egon ez dadin

Iruñeko Udalak hainbat aldaketa egin ditu villavesen Cuatrovientoseko geralekuaren inguruko seinale horizontaletan. 16., 17., 21. lineen eta N4 linearen geralekuetan egin dituzte moldaketak, Sanduzelaiko etorbidera sartzeko bidegurutzearen aurretik. Istripuak izateko arriskurik handiena duten hiriko puntu beltzetako bat kentzea da helburua. 

Lau aldaketa egin dituzte inguru horretako zirkulazioa eta segurtasuna hobetzeko. Izan ere, hainbat arazo sortzen dira  toki horretan, bat egiten baitute villavesen geralekuak, bi erreiko bide baterako sarbideak eta, metro batzuk aurrerago, lau norabideren artean hautatzeko aukerak (Sanduzelaiko etorbidea, Gipuzkoa etorbidea, Marcelo Celayeta etorbidea edo aurrera jarraitzeko aukera). Horiek hala, Iruñerriko Hiri Garraioaren geralekua zenbait metro aurreratu dute, eta orain Kaiko kaleko irteeraren segidan hasten da. Halaber, Sanduzelaiko etorbidera sartzeko erreia estutu dute, trafikoa zuzentzeko. 

Gainera, geralekuari dagozkion seinale horizontalak margotu dituzte, zer toki hartzen duen adierazi eta biribilgunera sartzeko eremuak ezartzeko. Azkenik, ispilu berezi bat jarriko dute biribilgunean, villavesen gidariek ongi ikus dezaten trenbidearen gaineko zubitik ibilgailurik datorren edo ez.

Villavesak Kaiko kalearen eta Sanduzelaiko etorbidearen arteko geralekutik berriz zirkulaziora sartzean gertatzen dira istripu gehienak, eta horiek eragozteko egin dituzte aipatutako aldaketak. Arazoak sortzen dira hor, erreia zabalegia delako eta garraio publikoko gidariek ez dutelako ongi ikusten. Bide Segurtasuneko Planaren barruan egin dituzte lan horiek. Istripuak izateko arriskurik handiena duten puntu beltzak aztertu, arriskua zerk eragiten duen ikusi, eta seinaleztapena aldatuz zer neurri hartu daitezkeen begiratzen dute aurrena, eta hainbat esku-hartze bildu dituzte planean horrela.
 

¿Te ha sido útil esta página?