Uztailean amaituko dituzte Soto Etxeko baratzeak eraberritzeko lanak, eta ordutik aurrera prestakuntzarako eta ekoizpen ekologikorako erabiltzen ahalko da gunea

Uztailean amaituko dituzte Soto Etxeko baratzeak eraberritzeko lanak, eta ordutik aurrera prestakuntzarako eta ekoizpen ekologikorako erabiltzen ahalko da gunea
Urtarrilaren amaieran hasi ziren lanean, eta orain negutegiak konpontzen ari dira: estalki osoa aldatu beharko dute
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Uztailean amaituko dituzte Soto Etxeko (Etxezuria) baratzeak berreskuratu eta egokitzeko lanak, Arantzadi parkean. Hala espero du Iruñeko Udalak, dagoeneko negutegiak konpontzea baino ez baita falta: estalki osoa aldatu beharko dute. Hirigintza Gerentzia eta Batzordea inguru horretan izan dira gaur goizean, lanen bilakaera ikusten: urtarrilean hasi ziren lanean, eta datozen asteetan amaituko dute. Lan horiei esker, baratzerako 11.600 metro karratu berreskuratuko dituzte, eta Soto Etxeak hartzen duen lursail osoa eraberritzeko proiektuaren barruan ari dira lanean: prestakuntzarako eta ekoizpen ekologikorako egokitu nahi dute.

Iruñeko Udalak Lacunza Hermanos enpresari esleitu zizkion baratzeak berreskuratzeko lanak, 281.264,42 euroan (BEZik gabe). Lehen fasean, lursaila garbitu dute; alegia, zaborra kendu eta belarra moztu dute, eraberritzeko lanak egin ahal izateko. Ingurua oso egoera kaskarrean zegoen, urteetan erabili gabe egon delako. Hondakinak zeuden pilatuta, eta sute bat baino gehiago izan dira gainera. Bestalde, hainbat hilabetez etxerik gabeko jendea bizi izan da hor. Garbitu eta desinfektatzeaz gain, izurrien kontrako tratamendu bat ere egin behar izan dute, arratoi ugari baitzeuden. 

Garbitzen amaitu ondoren, lursaila mugatzeko itxitura berria jarri dute, eta instalazioak berritu dituzte. Halaber, zolarri zaharra kendu eta berria jarri dute, eta aste honetan bertan, etxola prefabrikatu bat jarriko dute baratzeen gunean lanabesak gordetzeko. Gainera, lursailean zegoen urmaela hustu egin dute, garbitu eta berriz betetzeko. Azkenik, negutegietan, hondatutako zatiak kendu dituzte, berriak jartzeko. Segurtasuna bermatzeko, bideo-zaintzako sistema bat jarri dute, eremurako sarbideak kontrolatzeko.

Baratzeak guztiz erabilgarri egoteko, funtsezko bi lan egin beharko dituzte datozen asteetan. Batetik, ureztatze-sistema hornituko duten ponpak jarri behar dituzte, eta bestetik, negutegia konpondu: estalki osoa aldatuko dute, eta hondatuta dauden egituraren zatiak ere bai.

Ekoizpena berreskuratzea 
Iruñeko Udalaren helburua da lursaila berreskuratzea barazki ekologikoak ekoitzi eta prestakuntza emateko: hala, baratze ekologikoen gune bihurtuko da eremua. Baratzeak dauden tokian, hiru zati bereizi dituzte. Etxera sartzeko gunean, lursailen 3.200 metro karratu berreskuratu dituzte. Ekialdean, etxearen atzeko aldean, beste 4.300 metro karratu egokitu dituzte. Eta azkenik, mendebaldean, negutegien gunea hobetzen ari dira: 4.100 metro karratu hartzen ditu. 

Hiru guneetan ureztatze-sistema ezarri dute, ibaiko ura hartzeko tokitik hasi (hitzarmen bat dago indarrean horretarako) eta lursailean dagoen urmaeleraino. Urmaela garbitu eta konpondu egin dute. Ureztatze-sistema konpontzeko, ura hartzeko ponpak eta ureztatzeko hodiak jarri, eta instalazio elektrikoa egokitu dute.

LANDARE Ekologiarekin Lotutako Gaien Nafarroako Elkarteari esleitu zaio baratzeen kudeaketa: nekazaritza-ustiapen ekologikoa berreskuratzeaz arduratuko da, gero saltzeko erabiliko diren jakiak ekoizteko, eta gainera, herritarrei zuzendutako ingurumen-hezkuntzako proiektuak eginen ditu.

Emakidak 25 urte iraunen du, eta Soto Etxea eta baratzeak hartzen ditu, biak. Iruñeko Udalak beretzat gordeko du Soto Etxeko lehen eta bigarren solairuen erabilera, nekazaritza-jarduera horri lotutako ikasleendako bizitegi bateratuko apartamentuen etorkizuneko proiektu baterako. Etxea bigarren fasean berrituko dute, nahiz eta beheko solairua baratzeen emakidari lotuta dagoen. Otsailaren amaieran esleitu zen proiektuaren idazketa: Jokiñe Cresporen, Laura Hernández Sanzen eta Ignacio Cordero Forten ardura izan da lan hori, eta 32.000 euro izan dituzte horretarako. Aurreikuspenen arabera, ekainean aurkeztuko dute proiektua, onetsi eta lanen lizitazioa egin ahal izateko, eta hala, uda ondoren hasten ahalko dira lanean.

Beraz, proiektuaren helburua da Soto Etxea - Etxezuria baratze ekologikoen gune, eta prestakuntzarako eta elkartzeko toki bilakatzea, eta Iruñeko 2030 Hiri Agendaren helburu estrategikoen barruan ulertu behar da proiektua. Hiri Agendak hirigunea leheneratu eta birnaturalizatzearen alde egiten du apustu, eta helburuen artean ditu udal-zerbitzuak jasangarriak, ondo prestatuak, aktiboak eta arduratsuak izan daitezen lortzea eta Iruñeko herritarren artean kultura klimatikoa hedatzea.
 

¿Te ha sido útil esta página?