Amaitu dute dagoeneko Iruñeko udal-hilerriko frankismoaren biktimendako panteoi berria, Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza instituzionalari esker. Joseba Asiron Saez Iruñeko alkatea eta Ana Ollo Hualde Nafarroako Gobernuko lehendakariordea irekiera-ekitaldian izan dira, eta han izan dira zenbait elkarte eta biktimen ahaideak ere, Eneko Arteta Affna 36 elkarteko lehendakariordeak lagunduta: 1936aren ondoren eraildako 15 lagunen gorpuzkiak lurperatu dituzte.
Ekitaldi sinboliko hori hemendik aurrera eginen diren ehorzketetan lehena izan da. 2013an beste panteoi bat eraiki zuen Udalak horretarako, baina bete egin zen, eta horregatik egin behar izan dute berria. 278.106 euro behar izan dituzte lanak egiteko, eta Nafarroako Gobernuak 125.000 euro jarri ditu. Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak nabarmendu du “zor morala, behar demokratikoa” zela azpiegitura hori eraikitzea: ez frankismoaren biktimei soilik zor zitzaien zerbait, baizik eta baita “isiltzera etsi ez eta ahaideendako justizia eskatu” zutenei ere; izan ere, “helburua ez da soilik biktima haiek duintasunez ehorztea, jende haien historia duintasunez berreskuratzea ere bai”.
Ana Ollo Hualde Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak, berriz, adierazi du ekitaldi hori “memoriarako politika publikoak ezartzeko konpromisoaren” isla dela, eta “apustu horren ardatzetako bat dela frankismoaren biktimak bilatu, berreskuratu eta identifikatzea, baina ez hori bakarrik: izan ere, gaur egun horrek guztiak indar handiagoa ematen dio memoria berreskuratzeko ahaleginari, eta hori ezinbestekoa da mehatxu autoritario berriei aurre egin eta etorkizuna bakean eta elkarbizitzan oinarritu dadin”.
Hitz horiek entzun ondoren, memoriaren aldeko elkarteek 15 hilobi sartu dituzte panteoian: alegia, erregimen frankistak eraildako eta identifikatu gabeko 15 lagunen gorpuzkiak lurperatu dituzte. Hemendik aurrera askoz gorpuzki gehiago ehortziko dituzte hor, 95 hilobirendako tokia baitago: aurreko panteoian 60 hilobirendako tokia zegoen, eta beraz, orain % 58,3 hilobi gehiago sartzen ahalko dira. Granito beltzez estaliriko poliedroak daude lurrean sartuta panteoiaren apaingarri, eta alkateak eta lehendakariordeak lore-koroa bana jarri dute poliedro horietan. Zura Quartet taldeak (biolinak, Daniel Sadaba eta Leire Fernández, eta txeloa, Paula Azcona) girotu du ekitaldia, eta Albioniren Adagio eta Bachen Suitearen aria Re-n jo dituzte besteak beste.
Aitortzarako eta erreparaziorako gunea
Elkarte memorialisten eskaera historikoetako bat izan da biktimak aitortu eta gogoratzeko gune bat izatea, eta 33/2013 Foru Legean, azaroaren 26koan, dagoeneko jaso zen horrelako gune bat sortzea, 1936ko estatu-kolpe militarraren ondoren erail zituzten eta errepresioa jasan zuten nafarrak aitortu eta erreparazio morala bultzatzeko. Aurreko panteoia 2013an eraiki zuten, baina txiki geratu zen: berriak 135 m2 hartzen ditu, eta granitozko monolito laukizuzen handi bat dauka sarreran.
Hainbat motatako biktimak ehorzten ahalko dira panteoi berrian. Batetik, Gerra Zibilean edo frankismo garaian desagertu eta foru-araudiaren arabera desobiratutako biktimak, eta Nafarroako hobiren batean aurkitu baina identifikatu ezin izan direnak.
Bestetik, Nafarroako hobiren batean aurkitutako biktimen gorpuzkiak, identifikatu badira ere familiari eman ezin izan zaizkionak edo familiak hartu ezin izan dituenak ere sartzen ahalko dira. Halaber, Iruñean bizi zirela fusilatutako eta dagoeneko identifikatutako biktimen gorpuzkiak ere hor bertan ehorzten ahalko dira familiak hala eskatzen badu. Eta azkenik, Espainiako hobiren batean aurkitutako Nafarroako biktimen gorpuzkiak ere hartzen ahalko ditu panteoiak, gorpuzkiak identifikatu badira baina familiari ezin izan badizkiote eman edo familiak ezin izan baditu hartu.