Ernest Hemingwayren kasua (Oak Park, Illinois, AEB, 1899 – Ketchum, Idaho, AEB, 1961) literaturaren historian bakarra dela esan daiteke. Duela ia hirurogei urte hil zen idazlea kultura- zein turismo-industria bilakatu da, edo alderantziz. Urtero haren obrari edo haren bizitzari buruzko ikus-entzunezko lanen bat egiten da. Telesail, fikziozko film, biopic, dokumental eta abarrek egile mediatiko eta famatua bihurtzen dute, agian garai guztietako handiena. Berez, kultura-ikono baten aurrean gaude. Nobel eta Pulitzer saridun baten aurrean. Literatura anglosaxoiko mugarriaren protagonista izan zen idazlearen aurrean.
Ernest Miller Hemingway 1899ko uztailaren 21ean jaio zen Oak Park-en (Illinois), Chicagoko auzo batean. Bost seme-alabetako laugarrena izan zen. Haren aita, Clarence Edmonds Hemingway, zeinak bere buruaz beste egin baitzuen, medikua zen; ama, Grace Hall Hemingway, musikaria. Biak ala biak protestante kongregazionalistak ziren. Familiak udako etxe bat zuen Wallon Lake-n, Petoskey ondoan (Michigan). Bertan, lau urteko haur bat zenean, aitak erakutsi zion ehizatzen, arrantzatzen eta estatuko iparraldeko basoetan eta lakuetan kanpatzen. Naturan izandako lehen esperientzia horiek atari zabaleko abenturekiko eta urrutiko toki isolatuetan bizitzeko grina piztu zioten. Bi pasio horiek bere bizitzaren amaiera arte mantendu zituen.
1913tik 1917ra bitarte Hemingway bigarren hezkuntzako eskolara joan zen, Oak Park and River Forest High School-era, non hainbat kirol egin baitzituen, hala nola boxeoa, atletismoa, waterpoloa eta futbol amerikarra. Boxeo eta igeriketarekiko zaletasuna ia bizitza osoan zehar mantendu zituen. Eskolan ingelesean eta literaturan gailendu zen. 1918an, Lehen Mundu Gerran, boluntario aurkeztu zen Italian Gurutze Gorriko anbulantziak gidatzeko. Uztailaren 7an mortero-suak larriki zauritu zuen. 1919ko urtarrilean Estatu Batuetara itzuli zen. Bilatu gabe, inoiz ez baitzuen unibertsitate-ikasketarik egin, Toronto Star Weekly-n lana eskaini zioten. 1921eko amaieran egunkariko atzerriko berriemailea izatea onartu zuen, eta haren lehen emazte Hadley Richardsonekin batera 1920ko hamarkadan puri-purian zegoen Parisera abiatu zen, Hemingwayk bizikide eduki zituen kultura-abangoardiak sortu ziren tokira. Eta Europa inspirazio iturri amaiezina bihurtu zen idazle izan nahi zuen kazetari gaztearentzat.
‘‘The Sun Also Rises/Fiesta’‘ argitaratzearekin batera 1926ko urriaren 22an, Ernest Hemingwayren izena Estatu Batuetako idazle handien artean kokatzen da betiko. 1929an ‘A Farewell to Arms’ argitaratu zuen, Lehen Mundu Gerrari buruzko eleberria; 1937an, ‘To Have and Have Not’, eta 1940an, ‘For Whom the Bell Tolls’, gerra zibilari buruzko eleberria. 1950ean ‘Across the river and into the trees’ heldu zen, Bigarren Mundu Gerrari buruzko eleberria, eta 1952an, ‘The Old Man and the Sea’, zeinari esker Pulitzer saria lortu baitzuen. 1954an literaturako Nobel saria jaso zuen. Hil eta gero ‘Islands in the Stream’ ‘The Garden of Eden’ eta ‘True at First Light’ argitaratu zituzten. Horrez gain, Hemingway garai guztietako ipuin eta kontakizun idazlerik onenetakotzat jo izan da, bai eta XX. mendeko gerra-berriemaileen artean kazetaririk onenetakotzat ere.
Estatu Batuetako zinema-industriak azkar erreparatu zien Hemingwayren lanei eta horietako gehienak, Hollywoodeko izar handiak protagonista zituztela, nazioarteko arrakasta handiko filmak bihurtu ziren. Pennsylvaniako Estatuko Unibertsitateko irakasle eta ‘Hemingway Letters’ proiektuko argitaratzailea den Sandra Spanier-ek dioen bezala, Hemingway “idazle bat baino gehiago da, kultura-ikono bat da”.