
Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak kontratua esleitzea onetsi du Iruñeko Emakumeen Etxearen proiektua kudeatu eta horretarako laguntza teknikoa emateko. Hala, erreferentziazko topagunea izanen da aurrerantzean ere hiriko emakumeendako. Sedena SL enpresak kudeatuko du kontratua, eta 62.598,65 euro izanen ditu urtean horretarako; gainera, kontratua bi aldiz luzatzeko aukera izanen du, eta luzapen bakoitza urtebetekoa izanen da.
Laguntza teknikoa Emakumeen Etxea kudeatu eta antolatzeko izanen da, eta enpresak hainbat ardura izanen ditu: programazioa modu egokian garatzen dela ziurtatzea, guneak modu koordinatuan erabiltzen direla bermatzea, eta informazioa eta komunikazioa kudeatzea, Iruñeko Udalaren Berdintasun Unitateak emandako argibdeekin bat. Astean 40 orduz eginen dute lan. Astelehenetik ostiralera, 16:30etik 21:30era, eta herritarrendako 17:00etatik 21:00etara egonen da zabalik etxea. Ostegunetan eta ostiraletan goizez ere eginen dute lan, 10:00etatik 13:30era, eta herritarrendako 10:30etik 13:30era zabalduko dute. Larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara eginen dute lan, eta herritarrak 10:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:30era sartzen ahalko dira.
Iruñeko Emakumeen Etxearen proiektuaren ardatza Iruñeko emakumeak dira, bai eta emakumeen elkarteak eta kolektibo feministak ere; izan ere, horien helburua da benetako berdintasuna lortzea emakumeen eta gizonen artean, ikuspegi feminista oinarri hartuta. Erabiltzaileek gunearen arauak bete behar dituzte. Emakumeen Etxea baliabide bat da, berdintasunaren inguruan herritarrak sentsibilizatzeko eta emakumeen ahalduntzea sustatzeko.
2019an zabaldu zuten Emakumeen Etxea, Agoitz kaleko 9.enean, eta hausnarketarako eta hiriko emakumeak ahalduntzeko eremu bat eskaintzen hasi zen, emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortu ahal izateko aliantzak eta sinergiak sortzeko. Urte horretan bertan, Emakumeen Etxea ireki baino lehen, Iruñeko Udalak hitzarmen bat sinatu zuen Iruñeko Emakumeen Etxearen Elkartearekin: hitzarmen horrek arautzen du gunearen lagapena, kudeaketa, erabiltzeko baldintzak eta funtzionamendua. 2018an sortu zuten elkarte hori, Udalarekin harremana errazagoa izan zedin eta Emakumeen Etxearen proiektua elkarlanean garatzeko.